Guri buruz

Irudia

Taldekideak

Ander Navarro
Monitore-teknikaria
Mendillorri (Iruñea)
Gure azken inkorporazioa pertsonaia zinez xelebrea da. Lehen gure erru zen oholtzan geure burua gaizki aditzen genuenean, baina orain sekulako kopla-burukoa fitxatu dugu, haren ardura baita aurrerantzean! Etorkizun oparoa opa diogu taldean gure polakiar gogokoenari!

Adrián Belzunegi
Argi-teknikaria
Iruñea
Adrián Belzunegi 1995an jaio zen Iruñean. Urte horretan, beraz, argia ikusi zuen hiriak. Literalki. Izan ere,
Sorkari taldeko musikaria ez ezik, ehundaka milaka krisi epileptikoren erantzule omen den argiztapen-teknikari aski ezaguna dugu Belzu.
Iñaki Anaut
Soinu-teknikaria
Burlata
1994an Burlatan jaioa, Iñaki Anauten ardura da taldea nonahi ongi aditu dadila.
Beraz, orain badakizue nori egotzi errua inoiz kontzertua deskalabrua suertatzekotan!
Jator eta berritsua, beti bidaiak bere filosofia-errezitaldiren batekin girotzeko prest azaltzen da!
Iñigo Garatea
Gitarra
Iruñea
Erdi Iruindarra erdi Muzkitarra dugu Iñigo Garatea gure gitarra-jole eta umoristarik gogokoena, beti gure gau eta parrandak Gesalazko umore nahasezinarekin alaitzeko prest!

1996an jaioa, Skabideanen hasiera-hasieratik egon da, bere lehenengo taldea izan delarik. Hala ere, ez da bakarra izan;
izan ere Herdoil taldearen kide zen eta egun oraindik 3indarrok Elektrotxarangarena ere bai.
Claudia Rodrí­guez
Abeslaria
Burlata
1997. urtean jaioa, Claudia Rodríguez The Black Birdsen kidetzat sartu zen taldean 2019. urtean.
Hura eta Hagoan taldeen abeslari ohia, burlatar honek reggae musikarako berezko joera azaltzen du eta beti dago gainontzeko kideak alaitzeko prest!
Xabi Esparza
Baxua
Iruñea
Taldeko gaztetxoa dugu Xabi Esparza. 2000. urtean jaiotako baxu-jole iruindarra 2018. urtearekin batera sartu zen taldean. Goi-mailako jazz kontserbatorioaren bikaintasuna ez ezik, berarekin alaitasuna eta irribarre zabala daramatza zapaltzen duen oholtza orora.
Imanol Olague
Teklatuak
Lizaso
1998an jaioa, 2016an batu zitzaion taldeari Imanol Olague ultzamarra.

Burua beti nonbait galdurik badabil ere, lurrera ekartzen lortzen dugunean teklista eta konpositore aparta dugu
Imanol. Bere sarrerak ikaragarrizko bultzada suposatu zuen taldearendako eta gurean jarraitzen duen artean
behintzat taldean ez da inspirazio-faltarik egonen!
Lorena Aisa
Abeslaria
Burlata
1997. urtean jaioa den The Black Birds hirukotearen kide hau Sorkari taldearen abeslari ere bada. Lorena Aisak guztiok liluratzen gaitu
bere ahots-txorrota indartsuarekin abesten duen bakoitzean. Gainera, ezinezkoa zaigu bere
alaitasun nekaezinarekin ez kutsatzea!
Julen Bernaldo de Quirós
Tronboia
Iruñea
1998. urtean Iruñean jaiotako tronboi-jolea dugu Julen Bernaldo de Quirós.
Ikasle amorratua, Leioako liburutegiko liburuen artean zanpaturik ez dagoenean
zernahi ospatzen edo taldearendako letra poetiko eta nahasgarri berriren bat
idazten ibili ohi da.
Antonio Iriarte
Bateria
Mutiloa
Bere aita eta aitonaren antzera, 1996an jaiotako mutiloar peto-petoa dugu Antonio Iriarte gure bateria-jolea. Beti entsaiatzeko prest, taldearen erritmoaren arduradun eta bultzatzailea dugu,
literalki ez ezik zentzu figuratuan ere bai!
Tasio Lopez de Gereñu
Abeslaria
Iruñea
1996an Iruñean jaioa, Tasio Lopez de Gereñu Alde Zaharreko biztanle aski ezaguna dugu,
beti atsegin eta lagunkoia.

Tasio Skabidean taldearen jatorrizko abeslaria dugu, baita taldearen logo, liburuxka eta bertzelako
diseinuen egile abil eta nekaezina. Oso trebea ere melodiak sortzeko orduan!
Iñigo Martinez
Saxofoia
Iruñea
1996an jaio zenetik Iñigo Martinezek argi izan du maisu ez ezik, saxofoi-jole izan nahi zuela.
Martinez maisuak denbora luzez arduraren ahotstzat jokatu du taldearen baitan, gainontzekoon mesedetan, eta
hala bedi denbora luzez!
Idoia Tapia
Abeslaria
Iruñea
1998an Iruñean jaiotako abeslari eta aktoresa, Iruzur taldeko abeslari ohia eta egun The Black Birds hirukoteko kide dugu Idoia Tapia.
Ikuskizunerako doaina du neska jator honek, baita letra konposaketarako dagoneko "Ez Dakit" bertsioarekin azaldu zuen moduan!
Nikolas Leonardo
Tronpeta
Iruñea
Estafeta kaleko biztanlerik berritsuena 1997.ean azaldu zen Iruñean eta orduandik bazterrak nahasten dabil.
Hemendik gutxira ez da Euskal Herri osoan astindu ez duen txokorik geratuko!

Jendetasun handiko pertsona, tronpeta-jolea ez ezik taldearen kanpo-harremanen arduradun nagusia Nikolas Leonardo, baita
Gabezin Plaza Taldearen tronpeta-jole ohia ere bai.

Historia

Sorrera eta izenaren jatorria

Skabidean taldea 2011. urtean sortu zen Iruñeko Iturrama institutuan. 4. DBHko ikasle-kuadrila baten kide zen Ulises gazteak ska-punk talde bat sortzeko ideia izan zuen. Potentzial handiko kuadrila zen, izan ere musikari anitz zegoen, haien artean Iñigo Garatea (gitarrista), Antonio Iriarte (bateriajolea), Iñigo Martinez (saxofoilaria), Olatz Sevigne (akordeoilaria) eta Ander Martí­nez (tronpetista). Hortaz, Ulisesek falta ziren taldekideen hutsunea betetzeko ardura hartu zuen. Iruñeko Biurdana institutuko ikasle zen Xanti Etxeberria kuadrilakideari baxua egokitu zion (Xantik musikaz ideia zipitzik ere ez zuelarik) eta Tasio Lopez de Gereñu zein Lander Etxarri sartu ziren abeslari gisa. Azkenik, Ulises bera gitarrista sartu zen. Horrela itxirik geratu zen taldearen 9 kideko egitura goiztiarra.

Taldearen izena Gora Iruñea kolektiboak Mañuetako frontoian antolaturiko kontzertu batzuetan sortu zen. Egun hartan Vendettak eta Pottoka Punk talde txantrear mitikoak jo zuten. Garai hartan jada "ska" hitzaz hasten ziren mila talde-izen baziren (edo behintzat egonak ziren), ska-punk musika pil-pilean baitzegoen (Skatu, Skakeitan, Skalariak, Skapada...). Gazte hauen taldearen izena ezin zen gutxiago izan. Horrela sortu zen Skabidean izena.  

Lehenengo kontzertuak

Hainbat entsegu kaxkarren ostean taldeak bere lehenengo kontzertua ekaini zuen Iturramako institutuan bertan. Kontzertua Frantziatik etorririko trukeko ikasle batzuen bisita zela-eta antolatu zen. Neguko-jaian taldeak bigarren kontzertu bat eskaini zuen, institutuan bertan berriz ere.

Hasierako errepertorioa Euskal Herriko 80ko hamarkadako taldeen bertsioetan oinarriturik zegoen gehien bat (Kortatu, Korroskada, Hertzainak, Potato...), baina talde modernoagoen abestiak ere jotzen zituzten (Itziarren Semeak, Skalariak, Decibelios...). 

Hala eta guztiz ere, proiektua ganora eskasekoa zela ikusirik Olatzek eta Ulisesek berak taldetik alde egin eta gainontzeko kideek taldea indartzearren tronboi bat eta bertze tronpeta bat bilatzeari ekin zioten. Nikolas Leonardo gaztea (garai hartan 3. DBHn zebilena) izan zen tronpeta jotzeko hautatu zuten pertsona. Nikolas ezaguna zuten hark ere Iturraman ikasten baitzuen. Bertzalde, tronbonista Barañaingo udal musika-bandan aurkitu zuen Iñigo Martinezek: Julen Bernaldo de Quirós, garai hartan Biurdanan 2. DBHn zebilena. Julenek eta Iñigok bandan ezagutu zuten elkar eta jada garai hartan haien talde gustokoenen diskak eta partiturak partekatzen zituzten.

Talde indarberrituaren lehenengo kontzertua Iruñeko Alde Zaharreko gazte egunean izan zen, Santa Ana plazan (2012/05/25). Hurrengo hilean Barañaingo jaietan denbora luzez haien kontzerturik jendetsuena izanen zena eman zuten.

Egitura-aldaketa

2012ko udan Lander Etxarrik eta Ander Martinezek taldea utzi eta taldeak lau urtez mantenduko zuen egitura hartu zuen:

  • Bateria: Antonio Iriarte 
  • Gitarra: Iñigo Garatea 
  • Baxua: Xanti Etxeberria 
  • Ahotsa: Tasio Lopez de Gereñu 
  • Tronpeta: Nikolas Leonardo 
  • Saxofoia: Iñigo Martinez 
  • Tronboia: Julen Bernaldo de Quirós 

Baxu-aldaketa

Hurrengo urtean (2013) Xantik ikastera alde egin behar izan zuen, Iparraldera. Ondorioz, taldea uzteko erabakia hartu zuen. Xantiren azken kontzertua Jarauta kalean izan zen, langabetuen kolektibo baten alde emaniko kontzertu bat hain zuzen ere.

Xanti ordezkatzeko gerora Herdoil taldearen baxu-jotzaile bihurtuko zen Ander Ilarri (garai hartan "Punki" ezizenaz ezaguna) izan zen hautaturikoa. Ander Barañaindarra bazen ere Iturraman ikasia zen eta harremana estua zuen gainontzeko taldekideekin. Horregatik, ezer jotzen ez bazuen ere, taldearen entsegu guztietara azaltzen zen. Ander eta Xanti aldi berean hasi ziren baxua jotzen eta, hortaz, Anderrek bazuen jada beharrezkoa zen trebezia. 

Alta, Xanti azkar bueltatu zen taldearen parte izatera, haren ikasketak taldearen erritmoarekin uztartzea posiblea zela ikusi zenean. Anderrek eskainitako kontzerturik garrantzitsuena San Fermin txikiton izan zen (2013ko irailean).

Kuriositate gisa, Herdoil taldea ere institutu batean sortu zen (Barañainen, Alaitz institutuan) eta gerora Garatea Herdoilen gitarrista bilakatu zen. Honengatik guztiagatik, harreman oso estua mantentzen dute talde biek. 

Abestiak konposatzen: lehenengo maketa

Garai hartan hasi zen taldea abesti propioak egiten. Lehenengo abestiak "Arazoak dira" eta "Pipi" izan ziren. Gerora "Police Woman" eta "Think About That" etorri ziren.

"Arazoak dira" garaiko taldearen egunerokotasuna islatzen zuen abestia da. Bere bertsio ezberdinak taldearen abestirik "ospetsuenak" izan ziren denbora luzez, 2. diska atera arte hain zuzen. 

"Police Woman" taldeak ingeleraz eginiko lehenengo abestia izan zen. Ideia arriskatua, izan ere garaian taldeko inork ez zekien ingelerazko abesti bat gramatikalki ongi idazteko adina ingelera. Hala ere, uztailaren 5 batean, San Fermineko jaien hasieraren bezperan, abestia konposatu eta letra idatzi zitzaion. Horren fruitu da gaur egun aditzen ahal dugun abesti xelebrea (bere akats semantiko, gramatikalak eta guzti). 

"Pipi" eta "Think About That" izan ziren taldearen lehenengo bertsio grabatuak. Pipi garaiko kideen gustu punkarragoaren isla den artean, Think About That (Dandy Livingston jamaikarraren bertsioa) etorkizunean taldeak hartuko zuen joera jamaikarraren iragarpena zen. Ez zen denbora luze pasa Pipi kitarraren distortsioa zerabilen errepertorioko abesti bakarra bihurtu arte. 

2015ean 4 abesti hauek maketa batean jasotzeko erabakia hartu zuen taldeak. Maketa "Maketa" izen ezin originalagoarekin bataiatu zen. Sound of Sirens estudioan grabatu zen, Julen Urzaizen eskutik. Oso kopia gutxi egin ziren eta ez zen bat ere saldu, guztiak oparitu egin ziren, taldearen musika zabaltzeko asmoarekin. 

Gazte danbada eta "My flame"

2016an taldeak Gazte Danbadak antolaturiko lehiaketa batean izena eman zuen. Jendeak asteak izan zituen bere talde gogokoenen artean aukeratzeko eta, harrigarriki, Skabidean 3 bozkatuenen artean geratu zen (posizio zehatza egun oraindik ezezaguna delarik; egun oraindik ere ez dakigu tongo egon zen antolakuntzaren partetik). Sari moduan, Laudioko Gazte Danbadako eszenatoki txikian jo ez ezik, taldeak abesti berri bat grabatu ahal izan zuen Legazpiko baserri batean, zuzeneko formatuan. 

Ingelerazko abesti hori "My flame" bezala izendatu zen egunean bertan, ordura arte izenik ez baitzuen. Hain zen berria non Tasio abeslariak oraindik ere ez zuen letra argi eta, laguntzeko, kameren atzean letra errotulki batekin idatzi zen kartoizko pizza-kutxa batzuetan. 

Bertzalde, bideoa ez ezik elkarrizketa bat grabatu zen Legazpiko baserri hartan. Alta, antolatzaileek bideo horiek bidean galdu zirela adierazi zuten. Hala ere, baliteke ere taldeak elkarrizketan talde txikiekiko politika zapaltzailea itzulingururik gabe zorrozki kritikatu izanagatik "desagertu" izana. Batek daki, susmoak egon badira. 

Imanolen sarrera

2016ko udan, barne-eztabaida baten ostean, teklatujole bat taldean sartzeko erabakia hartu zen. Egun Herdoil taldeko bateriajolea den Matxik eman zion taldeari herriko lagun baten berri: Imanol Olague ultzamarra, Lizaso herrikoa. 

2016 horretako irailean izan zuen bere lehenengo entsegua Imanolek, Mutiloan, eta hasiera-hasieratik ederki hartu zuten hark eta gainontzeko taldekideek elkar. Imanolek bi kontzertuekin urratu zuen bere bidea taldean: Lerinen, eta egun berean geroago, Lizarrako gaztetxe zaharrean. Handik oso-oso gutxira Skabideanek ordura arte inoiz eman izan zuen kontzertu handienetariko batean jo zuen: 2016ko Bianako Nafarroa Oinezean. 

Lehenengo diska

Imanol sartu zenetik eta urtea bukatu arte taldea bere lehenengo lan formalaren prestaketan eta grabaketan murgildu zen. Horretarako Skalariak taldearen bateriajole izandakoarekin kontaktatu zuten, Peio Skalarirekin, alegia, bere Arbizuko etxean Estudio Bat! izeneko grabaketa-estudioa muntaturik duena. Nafarroako ska musikako mito honek bere etxeko ateak parez pare ireki zizkion taldeari eta hainbat egunez luzatu zen grabaketa, 2016ko azaroan. Masterra Peiok berak egin zuen. 

Diska 2017ko otsailean aurkeztu zen (kautero-egunean, Iruñeko Arrano Elkartean). Herdoilek aldi berean aurkeztu zuen bere diska, barre artean, izan ere Herdoilen diska fisikoa ezin izan zen egun horretarako heldu. Bertan zintzilik zegoen kartel batek zioen moduan: "Si encuentras el disco de Herdoil, gratis para ti". Aurkezpen arrakastatsua izan zen, lekua lepo bete zen. Barrako irabazi guztiak gaztetxeko asanbladarendako izan ziren, gaztetxeko proiektua aitzina eraman zezaten.

Handik aurrera eta urtea amaitu arte taldea kontzertu-andana geldiezin batean murgildu zen, urtean zehar 40 kontzertu baino gehiago jotzera heldu zelarik. Haien artean zenbait kontzertu oso handi eta kalitatezko egon ziren, hala nola 2017ko Txapel Reggaekoa, Armintzako herrian urtero ospatzen den reggae-jaialdia.

Bigarren Diska

2017ko udan bertan ekin zitzaion Bideak Darrai izena hartuko zuen bigarren diskaren konposaketari. Diska hau 2017ko abenduan grabatu zen Barañaingo Nabean, Martiren eskutik. Grabaketa hainbat egunez luzatu zen, egun ikaragarri hotzak gainera. Masterra Ibon Larruzeak egin zuen, Bilboko Bolueta auzoan kokatzen den Euridia izeneko estudioaren jabea. 

Diska hau lehenengo diskaren kutsu "2tonero"-arengandik aldentzen da, jamaikar musika klasikoago batean bete-betean murgiltzeko. Grabaketa ere ezberdinki egin zen, basea aldi batean grabatu baitzen (bateria, baxua, kitarra eta pianoa guztiak batera), Jamaikan egiten zen eran. Haizezkoek ere batera grabatu zuten, baina bertze aldi batean. 

Diska fisikoa Errotxapeako Gaztetxean aurkeztu zen, kautero-egunean (hau da, aurreko aurkezpena eta urte bat geroago, zehatz-mehatz). Jaira 500 lagunetik gora hurbildu zirela uste da, espero zena gaindituz erabat. Han ere izan ziren Iruñerria Jamaica Clask-eko Soria eta Beñat Rodrigo, Pantxeko Naken eta Facun eta, nola ez, Herdoil taldea.

Arrakasta handi honen ostean, bertze behin taldea kontzertuz beteriko urte batean murgildu zen. Urte hartan ere kontzertu garrantzitsuak izan ziren, hala nola San Ferminetan Errekoletak plazan edo Bilboko Aste Nagusian Kaskagorri konpartsan ekainirikoak. Aipatzekoa ere irailean Herdoil taldearekin batera eskainiriko kontzertu berezia, Jarauta kaleko jaietan. Hasiera batean kontzertuak kalean izan behar zuen, baina euri-zaparrada bortitza hasi zen eta zaleen laguntzaz traste guztiak Zulo tabernara eraman ziren. Aupa zuek! Behin tabernan, giro ikaragarria sortu zen. Bertsio-errepertorio berezia prestatu zen kontzertu horretarako: Natura (Pikutara), Rude Boy (Ahuntzape)... 

Ibaiertzean eta Maravillas Sozial Club

2018an Iruñea Nola? musika beltzaren maitale zein babesleen kolektiboak Iruñeko Udalarekin elkarlanean Ibaiertzean jaialdiaren 2. edizioa antolatu zuen, Etxabakoitzeko Urdanotz Etxaguneko herri-parke eraiki berrian ospatu zena, maiatzean. Horretarako Skabideanekin kontatu nahi izan zuten eta horregatik tailer bat burutzea pentsatu zen.

Proiektuari "Larrialdi-musikako laborategia" izena jarri zitzaion. Skabidean taldeak hainbat jamaikar bertsio klasikoren riddimak aukeratu zituen eta jendea riddim horiendako letrak idazteko eta taldeari bidaltzeko animatu zen. Ondoren, Josu Martiren estudioa Iruñeko Maravillas gaztetxean muntatu zen eta mundu guztia riddimen grabaketa ikustera zein parte hartzera gonbidatu zen. Grabaketa hainbat egunez luzatu zen (berriz ere), maiatzaren leheneko zubian zehar. Jendeak bere letrak abesten ahal zituen edo bertze abeslari batzuek grabatu zitzatela utzi. Abesti horietako zenbait gero jaialdian bertan aurkeztu ziren.

Proiektuak arrakasta handia izan zuen eta horren fruitu da Maravillas Sozial Club bertsio-diskatxoa. Honek gaztetxeak herri-sormenerako espazioa ere badirela frogatzen du, bertzeak bertze. Horregatik taldeak Maravillas gaztetxearen utzarazte eta huste guztiak gaitzesten ditu. Maravillas aurrera!

Xantiren behin betiko agurra eta Xabiren sarrera

Urteko azken kontzertua Zumaiako Torreberri gaztetxean izan zen. Honen ostean, Xantik arrazoi pertsonalak zirela-eta taldea uzteko asmoa zuela adierazi zien taldekideei. Gauzak horrela, Beñat Rodrigok Musikenen ikasten duen baxulari baten berri eman zion taldeari: Xabi Esparza. 

Xabik eta taldeak, Imanolen kasuan bezalaxe, ederki hartu zuten elkar hasiera-hasieratik. Bere lehenengo "kontzertua" (ez-ofiziala) Iruñeko Suberri tabernan izan zen, azaroan, Antonioren anaiaren ezkontza-ospakizunean. Lehenengo kontzertu "ofiziala", berriz, Bilboko 7katu gaztetxearen 12. urtebetetzean (2019/01/26; bide batez eta kuriositate gisa Xabi beraren urtebetetzea ere bai).

Xantiren agurra eta Xabiren ongi etorria aldi berean ospatu ziren, Gesalatzen eta Deierrin. 

Skabidean & The Black Birds

Xantiren abiatzearekin, taldeak aurpegi-garbiketa bat egiteko beharra zein aukera ikusi zituen. Taldea amildegiaren ertzean zegoen, eta indarberritu beharra zeukan, denboraldi berriari inoiz baino sendoago ekitearren. Horrela, ideia bat sortu zen: taldean 3 emakume-ahots berri sartzea. 

Taldeak jada bazituen esperientzia zenbait neska abeslariekin: Idoia Tapiarekin "Ez dakit" abestian (Maravillas Sozial Club), Sustraian Revueko subsistekin "Herri anitzak" abestian (Bideak Darrai)... Esperientzia orokorrean beti ona suertatua zen oholtzaren gainean eta horregatik kontzertuetan posible zenean kolaborazioak egiten ziren abesti batendako edo pare batendako. Alta, oraingoan ideia ezberdina zen: nesken ahotsa abesti orotan sartzea, koro moduan edota ahots nagusitzat. 

Honengatik, taldeak hiru pertsonetan pentsatu zuen: Claudia Rodríguez, Lorena Aisa eta Idoia Tapia. Huek hirurek proposamena onartu eta "The Black Birds" edo "Txori Beltzak" hirukotea osatu zuten. Proiektu berriaren sorrerari oihartzuna emateko "8tik 11ra" kanpainia aurrera eraman zuen taldeak, hilabetez luzatu zena, 2019ko urtarrila eta otsaila artean. Areago, taldearen egitura berriaren berri emateko eta errautsetatiko berragerpena aldarrikatzeko abesti bat konposatu zen: Hamaika Gara.

 

Hasiera batean proiektuak zehaztugabeki jardun behar zuen, hau da, ez zen behin betiko egitura bat. Alta, taldekide berriek bertze behin ere ederki hartu zuten elkar zaharrekin, eta kontzertu handiz beteriko urte arrakastatsua izan zen 2019. Proiektuaren aurkezpena martxoarn izan zen, Iruñeko Totem aretoan, eta lepo bete zen lekua. Entzulegoak neskei egin zien harrera izugarri ona izan zen. Uda hartan taldeak Hegoaldeko 4 hiriburuetako jai nagusietako txoznagune nagusiak bisitatu zituen (Herri Sanferminak, Gazteizko Txoznak, Bilboko Konpartsak eta Donostiko Piratak) eta urtea Hatortxu Rock elkartasun-jaialdiaren 23. edizioarekin zein Festivern jaialdiaren 15. edizioarekin itxi zuen. 

Beraz, taldekideak egitura berriarekin gustora zeudenez gero, 3. diska bat guztiek bat eginik konposatzea erabaki zen, eta taldearen egitura behin betikotzea.  Horretarako, jatorrizko Skabidean izena berreskuratzea erabaki zuen taldeak; izan ere, uste zuten Skabidean & The Black Birds izenak nolabaiteko bereizketa bat egiten zuela taldekideen artean, eta helburua guztiak bat izatea zen. Hala ere, orduandik emakumezko abeslarien hirukotea The Black Birds izenarekin ezaguna da, Skabideanen egituran barneraturik badago ere.

Izaera

Izaera diska izan zen 2019an eginiko konposaketa-lanaren emaitza. Andoaingo Garate estudioan grabatu zen, abenduaren hasierako foru-zubian. Kaki Arkarazo musikaren legendak grabatu eta masterizatu zuen diska. Diska berriaren aurkezpena egiteko bira txukuna antolatu zuen taldeak, 2020ko martxorako, Hegoaldeko hiriburuetako aretoetan zehar (Totem Iruñerrian, Doka Donostin, Jimmy Jazz Gasteizen eta Kafe Antzokia Bilbon), baita Madrilen ere. 

Gaur egun: Skabidean

Egun, taldeak jamaikar doinu jakinak lantzen ditu: ska, reggae eta rocksteady klasikoenak zein, zenbaitetan, funkya den moduko bertze estilo dantzagarriago batzuk ere bai. 

Hortaz, egun hau da taldeak duen egitura:

  • Bateria: Antonio Iriarte
  • Baxua: Xabi Esparza
  • Kitarra: Iñigo Garatea
  • Teklatuak: Imanol Olague
  • Saxofoia: Iñigo Martinez
  • Tronpeta: Nikolas Leonardo
  • Tronboia: Julen Bernaldo de Quirós
  • Ahotsa: Tasio Lopez de Gereñu
  • Ahotsa (Black Bird): Idoia Tapia
  • Ahotsa (Black Bird): Lorena Aisa
  • Ahotsa (Black Bird): Claudia Rodríguez

 

Twitter

Facebook

Instagram